XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urduri geunden azken unean zerbaitek huts egingo zuelakoan. Baina ez zuen ezertxok ere huts egin.

Uste genuen ezerk, noski. Xehetasun guztiak arretaz zaindu genituen. Hitzordu-egunean Danielek ilea orrazte-ahaleginak ere egin zituen.

Arrautza-txanpuaren eta kolonia merkearen usaina zerion.

Ni neu ere dotoreago jarri nintzen. Ziur nago pasa egin ginela, zeren Silviak ikusi gintuenean plateren tamainako begiak ireki baitzituen:

- Guau, hori dotorezia, jaunok! Ez nekien etiketaz jantzita etorri behar zenik.

- Zer gertatzen da? Exekutibo berriok zaindu egiten dugu imajina, neska -esan zion Danielek.

- A bai? Lozio merkearena bezalako usainak iritsi zaizkit eta ez dut uste bizarra kentzen duzuenik.

Elkarri zeharka begiratu eta bere horretan gaia uztea erabaki genuen zeren argi eta garbi baitzegoen Danielekin hobe zela higiene-auzietan ez sakontzea.

Geure helmugarantz abiatu ginen, Silvia eta Daniel atzean gelditu ziren, zeren igandeko saski-baloiaz ari baitziren eztabaidan.

Hesiaren ondoan gelditu nintzenean, parez pare igaro eta oihu egin behar izan nien: - E! Nora zoazte ordea? Hemen da!